XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sorgin Handiak kanta ikaragarri hura amaitu bezain laster, txaloka eta oihuka ekin zion entzulegoak, burua galdurik: - Harrigarria! Liluragarria! Miragarria! Zu zara zu, jenioa, Sorgin Handi Bakar Hori!.

- Sekulako asmakizuna da zure Eragin Berantkorreko Sagusorgailua! Guztiz arrakastatsua izango da!.

- Eta politena zera da, irakasleek beraiek garbituko dituztela beren haur zikin likitsak, eta ez gu! Ez gaituzte inoiz harrapatuko!.

- Gu sorrrginog ez gaituzte inoiz harrrafatzen! esan zuen Sorgin Handiak, ebakor.

- Eta orain, errrne! Errrne, bai, oraintxe berrrtan esan beharrr dizuet-eta nola frrrestatu beharrrr duzuen 86 Forrrmula: Eragin Berantgorrrego Sagusorrrgailua!.

Gero ikusleen artetik zetorren garrasi ikaragarri bat entzun nuen, eta haren ondotik, deihadar eta txilio nahasien habarrotsa, eta sorgin multzo handi bat ikusi nuen jauzika, oihuka, beren atza oholtzara zuzenduta: - Saguak! Saguak! Saguak! Guri erakusteko egin du! Horra hor Sorgin Handi Bakarrak sagu bihurtutako bi haur horiek!.

Oholtzara begiratu nuen.

Hantxe zeuden, bai, bi saguak, Sorgin Handiaren soinekoaren inguruan korrika.

Baina haiek ez ziren basoko saguak, ez etxekoak, sagu zuriak baizik! Instantean ezagutu nituen! William eta Mary ziren!.

- Saguak! oihukatu zuen ikuslegoak.

- Gure buruzagiak ezerezetik sortu ditu sagu hauek! Ekarri satarteak! Ekarri gazta!.